XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egiako Aitor ikastolako haurren manifestazioa atzo zentro berria eskatuz
DONOSTIA (EGIN).- Arratsaldeko lauetan Donostiako Egia auzoan Aitor ikastolak duen Andres Majon eskoletatik abiatuz manifestazio bat burutu zuten ikastola horretako larehun haurrek, txikienek beren amak eskutik zituztela Zer nahi du Egiak? Ikastola berria lema etengabe errepikatuz.

Pankarta haundi batez gidatzen zuen kortejoa Eusko Jaurlaritzak eman zuen hitza jan duela salatuz.

Duque de Mandas kaletik zehar, Egia kaletik gora Ametzagainara igo eta karmengo Amaren kaletik behera berriro Aitor ikastolara iristeko manifestazioak erdi aldean zeraman bigarren pankarta batek Gobernuaren plangintza txarragatik haurrak kalean geratuko dira zioen eta hirugarren bat atzean Egiako auzoak ikastola bat nahi du eta behar du.

Hiru pankarta horiek nahiz haur bakoitzak bizkarrean zeramanak esijentzia hori aldarrikatzen zuten: ikastola berri baten beharra.

Manifestazioaren barruan txistulari talde batek animatu zuen eslogan guztien aldarrikapena eta horrek eman zion protestari festa giroa, guraso eta maisu zenbaitek kaleetan ziren oinezkoei arazoa esplikatuz komunikatuak banatzen zizkieten bitartean.

Ikastola horretako arduradunek manifestazioaren buruan adierazi zutenez, 1968an sortu zen Egiako ikastola.

1971az geroztik, ordea, auzoan bertan lizeo bat egiteko posibilitaterik ez eta laugarren mailatik aurrerako haurrak Donostiako beste lizeoetara bidaliz ari dira, honek suposatzen dizkien buruhauste guztiekin.

Egoera horri frente egin nahirik Aitor ikastolako arduradunak auzoan bertan lizeo bat egiteko lehen urratsak ematen hasi ziren.

Mundaizen, Korazonisten ikastetxearen ondoan terreno batzuk aurkitu zituzten eta udaletxean behar ziren kontsultak egin ondoren, abal pertsonalak medio lur sail hori erosi egin zuten.

Oinarrizko Hezketa Orokorra zentro 8erri horretara pasatuko zuten esperatzarekin, eskolaurrean haur gehiago hartzen hasi ziren Egiako Aitor ikastolan.

Udal demokratikoak iritxi ziren eta ikastolak erosirik zituen lur horietan ezin zitekeela eraikuntzarik egin erabaki zuten eta beste soluzioren batzuen bila hasi.

80-81 ikasturtean lekurik ez zegoen haurrik hartzeko lekurik auzoko ikastola horretan eta fruta merkatuko lokal batzuk egokitu beharrean aurkitu ziren gurasoak.

Merkatura datozen kamioiekin konbibitu beharrean aurkitu dira geroztik lokal horietara doazen haurrak.

Mundaizen ikastolak zuen terrenoa Udalak erosi zuen Maria Kristina parkea zabaltzeko eta zazpi urte lehenago ikastolak erosi zuen prezio berean erosi ere, trukean Marmoles Cantabria delakoen ondoan Udalak berak zituen lur sailak eskainiz, zona hori birmoldatzeko planak egiten ari baitziren eta projekto horren barruan inkluitu baitzuten lizeo berriarena ere.

Egian gero eta haur gehiago dute eta Udalarekin nahiz Eusko Jaurlaritzarekin jestio neketsuak burutu ondoren Andres Majon eskolak zuen edifizioa lortu zuten 82-83 urterako eta han segitzen dute oraindik.

Aurtengo ikasturtean, hala ere, eskola horretan lekurik ez eta lehen erabili ziren Merkatuko lokal haietara itzuli behar izan dute berriro.

Eusko Gobernuak bere aldetik Andres Majon edifizioan lekurik ez zutenerako lizeo berri bat egingo zutela agindu zien momento hartan.

Orain, ordea, ikastolako arduradunek atzokoan esplikatu zutenez, emandako hitza jan egin du ekartzen dizkien haustura eta aldaketa guztiekin.

Hori dela eta ikastola horretako batzordeak kanpaina bati hasiera ematea erabaki zuen eta kanpaina horren hasiera izan zen atzoko haurren manifestazioa.

Igandean eguerdiko 12,30etan gisako manifestazio bat egingo da berriro, baina guraso eta herritarrek osatua eta biharamunean guraso batzorde bat joango da Udalera problematika hau esplikatuz eta soluzio presakoak esijituz.